Ekainaren 23ko gaua urteko laburrena da… eta berezienetako bat ere bai. Iritsi da San Juan Gaua, sua pizten den gau magikoa: iragana erretzeko eta uda ongietorri bero batekin hasteko desio berriekin.

Bizkaian, gau berezi hau handizki ospatzen da: sua, errituak, musika eta giro alaia daude txoko askotan. Mendeetan zehar piztu izan dira San Juaneko suak, eguzkiari bere unerik gorenean indarra emateko. Gaur egun, tradizio hori jai bihurtu da, sustrai zaharrak eta ospakizun herrikoiak nahastuz. Su gainean salto egin, inguruan dantzatu edo giroaz gozatzea… bakoitzak bere erara bizi du gau magiko hau.

Bizkaiko San Juan Gaua disfrutatzeko txoko batzuk 

Eneperi – Bakio/Bermeo
Gutxienez behin bizitzan bizi beharreko esperientzia. Eneperi jatetxeko zelaietan, Aketx eta Gaztelugatxeren ikuspegi paregabeekin (bai, Game of Thrones-ek maitatutako leku horixe), su handi bat pizten da 23:00ak aldera hasten den ikuskizun baten ondoren. Amaieran, desio txarrak sinbolikoki erretzen dira. Momentu ahaztezina.

Bilbo – Etxebarria parkea
Hiriburuko planik indartsuena Bilboko Konpartsak-ek antolatzen dute: jaia, dantzak eta errituak ez dira faltako. 19:00etan hasten da “Lurraren Errituala”-rekin, jarraian dantza plaza eta txokolatada. 22:00etan pizten da su nagusia: musika, brebetaia, sorginkeria eta erromeria, gauerdira arte. 00:00etan, urarekin brindisa egingo da!

Gainera, Bilboko auzo askotan jai batzordeek suak pizten dituzte. Beraz, etxetik urrun joan gabe ere, zure desioak suari eskaini ahal izango dizkiozu.

Mundaka – Tradizioa eta magia
Hemen, sorgina, bere eskoba, Katobaltz katua eta Mosolo hontza erretzen dira, txistuaren doinupean. 18:30ean hasten da jaia txikienekin, eta iluntzean, sorgin mozorroz jantzitako kalejira herrian barrena ibiliko da. Unerik gogokoena? Sorgindantza plazan eta azken sua Atalayan.

Muskiz – Antorxa jaitsiera
Ikusgarrienetakoa. 22:30ean pizten dira ehunka antorxa geltokian eta herrian barrena ibiltzen dira Petronorreko biltegi zaharrera arte. Musika tradizionala, 23:30ean su artifizialak, ondoren verbena… eta, noski, San Juaneko sua.

Getxo – Umeekin festa
Algortan, San Juan familia giroan ospatzen da. 18:00etan hasten da Udako Solstizio Jaia San Nikolas plazan: haurrentzako jaia, txokolatada, diskofesta, Bolivia eta Filipinetako dantza tradizionalak… eta azkenik, sua inguruan dantza eta konjuroa. Umeekin gozatzeko plan bikaina.

Eta gehiago ere bada…
Karrantzatik Abadiñora, Portugalete eta Sodupe zeharkatuz, herri bakoitzak bere erara ospatzen du San Juan Gaua. Aurkitu zure plana eta prestatu zaitez gau magiko bat bizitzeko. Sua, tradizioa eta poza izango dira udari ongietorria emateko modurik onena.

Categoría: Gozatu Bizkaia, Haurrekin egiteko planak, Tradizioak, Zer egin